literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.121 idazlan
7.829 esteka / 6.320 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Juan Luis Zabala
Berria, 2006-01-15
Unai Elorriaga:
«Gaiztakeria ez da errentagarria»

Pertsonaia harrigarrien bitartez eta nobela bakoitzean mundu berezi bat sortuz, besteen askatasuna urratu gabe bere bidea hautatzen duen gizakia proposatzen du Unai Elorriagaren literaturak.

Gaiztakeriarik gabeko pertsonaiak maite ditu Unai Elorriagak (Algorta, Bizkaia, 1973); ez, ordea, esanekoak eta joera nagusien menpekoak, inoren esanari baino gehiago beren baitako ametsek gidatuak bizi direnak baizik, heterodoxoak horrenbestez. Eta horrelako pertsonaiekin ari da osatzen inoren esanari baino gehiago bere baitako ametsek gidatuta oihartzun handiko literatur ibilbidea. Ibilbide horretan hirugarren urratsa du Vredaman (Elkar, 2005).

Istorio asko batzen dira ‘Vredaman’ nobelan, baina Tomasena da ardatza, inteligentea izan nahi duen haurrarena. Eta, ezkutuan badago ere, heriotza da kontaketaren gai nagusia.

Hortik piztu zen nobela: inteligentziaren bila ari den ume baten istorioarekin, eta, bide batez, inteligentziaren eta heriotzaren arteko harreman estua lantzen duen kontaketa batekin. Inguruko istorioak umearen familian eta inguruan sortutako mamu gisako batzuk dira. Nobela idazten ari nintzela, pentsatu nuen Tomasek aukeratutako bidea, inteligentzia bilatzearena, akaso ez dela izango egokiena, batzuetan ezjakina inteligentea baino askoz ere zoriontsuagoa baita. Flannery O’Connorren ipuin batean irakurri berri dut ezjakintasuna jakinduria bihur daitekeela, baina alderantzizkoa, jakinduria ezjakintasun bihurtzea, ezinezkoa dela. Heriotzaren eta gaixotasunen inguruko ezjakintasuna, adibidez, oso lagungarria da zorionerako. Hala ere, gauza gehienetan, hobe da jakinaren gainean egotea.

Simon eta Gur amets ero baten atzetik dabiltzan heterodoxoak dira.

Nire pertsonaia guztiak dira, neurri batean edo bestean, heterodoxoak. Nire ustez, ideien aldetik behintzat, nire literaturaren ezaugarririk handiena da pertsonaiek beren kabuz pentsatzen dutela zer nahi duten. Pertsonaiak eta azken batean pertsonak pentsatu behar du zer nahi duen, eta ez besteek pentsatzen dutenari jarraitzeagatik, berak benetan hori nahi duen planteatu gabe. Telebistak, prentsak, filmek, gobernuek eta abarrek gure zaletasunak zuzentzen dituzte, neurri handi batean. Nire pertsonaiek beren aukera pentsatzea bilatzen dute beti, eurek erabakitzen dute zer nahi duten.

Mateok iragana arakatzea maite du, eta adin handiko jende askorekin biltzera eramaten du horrek .

Iraganaren ideia okerra izaten dugu askotan. Beharbada gure historiaren ondorioa da hori. 40 urteko etenaldia egon da, aurrerabiderik batere gabeko aldi iluna izan da Francoren menpeko garaia, eta horrek eramaten gaitu pentsatzera iraganeko guztia iluna eta atzerakoia dela. Baina ez da egia hori, iraganean gu baino askoz askeagoak ziren pertsonak izan baitziren, liberalagoak eta modernoagoak. Iraganaren arakatze horretan, espiritu aske hori interesatzen zait. Espiritu aske hori gehiagotan aurkituko genuke iraganean gehiago arakatuz gero; baina ez dugu arakatzen, iraganean jende guztia erdi-inozoa zelakoan gaudelako.

Pertsonaia guztiak nahiko xaloak dira, malezia gutxikoak, edo gutxienez borondate onekoak.

Maleziarik badute, baina ez da malezia gaiztoa. Nire ustez, gaiztakeria ez da errentagarria; ez da errentagarria gaiztakeria egiten duenarentzat; eta are gutxiago, jakina, jasotzen duenarentzat. Gainera, hori guztia baino konplikatuagoa da mundua, ezin da onen eta gaiztoen artean banatu, edo sentiberen eta ez sentiberen artean, modu manikeoan. Nire pertsonaiek ez dute onaren eta gaizkiaren artean aukeratzen; bizitzeko eta besteei bizitzen uzteko modu bat aukeratzen dute. Gozatzeko moduko bizitza dute, inori minik eman gabe.

Simon eta Gur ez ezik, golf zelaiaren zaindaria, jabea eta poliziak ere horrelakoak dira.

Hala da. Ez dute Simon eta Gurren aurka modu bortitzean jotzen. Zertarako? Ez dute amorratzeko eta haserretzeko motiborik ikusten. Adibidez, gaur egun, Interneteko foroetan joera handia dago haserrerako eta adierazpen gogorretarako, baina azken batean hori ez da errentagarria. Itzultzaileen foroa, aldiz, elkarri laguntzeko erabiltzen da; askoz erabilera errentagarriagoa da hori.

Zure nobelatan ez bezala, ordea, errealitatean haserrerako eta erasorako joerak nahiko ugariak dira, arlo guztietan.

Bai, hala da. Baina egun batean egin beharko da zerbait horri aurre egiteko. Nire pertsonaien izateko modu hori gehiago zabaldu beharko litzatekeela uste dut. Badakit zaila dela, baina proposatu egin behar da. Norbaitek hartzen badu, ondo.

Beraz, arazo sozial eta politikoak zuzenean agertu ez arren, sakonean horiez ere aritzen dira zure nobelak.

Ni azpiko ataletatik hasten naiz. Pertsona modu batekoa baldin bada, politika egiteko modua horren araberakoa izango da. Beti amorru bizian dagoenak politikan ere, amorruz, bazter guztiak nahastuko ditu. Nik proposatzen dudan gizakiak bere bidea erabakitzen du, besteen askatasuna ere errespetatuz, eta saiatzen da haserrealdiak baretzen.

Maiz agertzen da ‘Vredaman’-en “kurioso” hitza. Pertsona, gauza eta gertaera “kuriosoak” oso maiteak dituzu. Surrealismoarekin lotua dago zure zaletasun hori?

Baliteke, ez dakit. Bizitzan gauzarik ederrenetako bat, behin heldutasunera helduta, harritzen gaituzten gauzak topatzea da. Zerbaitek harritzen gaituenenean, zerbaitek jokoz kanpo harrapatzen gaituenean, horrek izugarrizko poza ematen digu. Buruari bueltak ematera bultzatzen gaituzte gauza harrigarriek, eta uste dut idazle gehienok dugula gauza harrigarrietarako zaletasun hori.

Pertsonaia eta gertaera asko batzen dira nobelan, eta gainera batzuk ikuspegi batetik baino gehiagotik daude kontatuta. Nola moldatu zara?

Oso gustuko dut nobela batean istorio bakoitzeko ikuspegi diferenteak ematea, eta Tomasen ikuspegia, umea denez, oso diferentea da. Kasu honetan, gainera, ikuspegi diferenteak emateaz gain, istorio eta pertsonaia guztiak lotzeko balio du, hari gidari baten antzeko zerbait da.

Ume bati dagokion hizkera jorratu duzu Tomasi ahotsa emateko, eta maiz erabili duzu errepikapena horretarako baliabide gisa.

Ez dakit lortu dudan, baina ahalegindu naiz umearen hizkerara egokitzen. Umearen esateko modua da irakurle batzuei liburuan gehien gustatu zaiena, eta horiei errepikapenak egokiak iruditu zaizkie; beste batzuentzat, aldiz, aspergarriak gertatu dira. Argi dago ume batek errepikatu egiten duela esaten duen guztia, nagusiok baino gehiago. Eta guk esaten ez ditugun gauzak ume batek esan egiten ditu, berarentzat berriak direlako. Umea guztia deskubritzen ari da, etengabe harritzen da; hori da protagonistatzat umea izatearen abantaila nagusia. Gainera, errepikapena literaturaren historia osoan erabili den baliabidea da, ondo egiten bada behintzat. Oraintsu arte. Halako batean norbaitek ezin dela errepikatu esan zuen arte.

Zertan bereizten da, zure ikuspegitik, ‘Vredaman’ nobela ‘SPrako tranbia’-tik eta ‘Van’t Hoffen ilea’-tik?

Vredaman aurreko bien arteko nahasketa modukoa dela iruditzen zait. Lehenengo biak oso diferenteak baitira. Lehenengoa pertsonaia batzuen eta eszena batzuen inguruan zegoen antolatua; bigarrena linealagoa zen: pertsonaia arraro baten bilaketa kontatzen du. Vredaman-en bietarik dago. Nik uste dut, hala ere, egokiagoa egin dudala lana. Azken batean, ikasketa prozesua da hau. Lehen nobela egiten hasi nintzenean, artean ez nekien nobela bat zelan egiten den. Bigarrengoa egiten hasi nintzenean, guztiz bestelako gauza bat egin nahi izan nuen, eta hor ere apur bat itsumandoka ibili nintzen. Hirugarrengoan, aurreko bietako joerak uztartu ditut, eta uste dut antzematen dela ikasitakoa.

Beste bi nobelak ez bezala, ‘Vredaman’ idazle saritu, aitortu eta profesional izatera heldu ostean idatzi duzu. Horrek badakar alderik? Aurreko liburuak idaztean ez nekien nora nindoan, nork irakurriko zuen nire lana. Lehena idatzi nuenean, neure ingurukoak izango nituen buruan; bigarrena idaztean, euskal literatura irakurtzen duen jendea; Vredaman idaztean, aldiz, banekien euskaraz ez ezik gaztelaniaz, galizieraz, katalanez eta seguru asko alemanez eta beste hizkuntza batzuetan ere argitaratuko zela. Eta aldea dago. Idazterakoan, beti duzu irakurle mota bat buruan, irudi bat. Eta Vredaman idaztean ikuspegia diferentea izan da alde horretatik.

 

“Idazten hasterako, buruan dena perfektu eduki nahi izaten dut”

SPrako tranbia-rekin 2002an irabazitako sariak narratiba arloko Espainiako sari nazionala idazle profesional izateko aukera eman zion Unai Elorriagari, eta euskaraz idatzitako liburu berri bakoitza gutxienez hiruzpalau hizkuntzatara itzuliko diotela aldez aurretik ziurtatua duten idazle bakanetako bat da egun. Nekez utziko du “luxu” horrek eskaintzen dion aukera alferrik galtzen, ez baitabil urri ideia berrien aldetik, hain gutxi laneko gogoaren aldetik.

Oraingoz, euskaraz baino ez da kaleratu ‘Vredaman’. Aurki izango da beste hizkuntza batzuetan?

Gaztelaniazko itzulpena egiten ari naiz orain, eta Alfaguara argitaletxeak emango du argitara, maiatzean edo ekainean, gutxi gorabehera. Oso gustura nago Alfaguararekin. Argitaletxe handia da, eta oso errespetu handiz tratatzen du idazlea. Galiziera eta katalanezko itzulpenak ere nahiko ziurtatuta daude. Aurreko bi nobelak alemanez ere argitaratuta daude, eta, gauzak asko okertzen ez badira, Vredaman ere aterako da alemanez.

Zer hizkuntza gehiagotara itzulita daude zure aurreko liburuak?

SPrako tranbia estonieraz argitaratuta dago, eta eslovenierara, serbierara eta kroazierara itzultzen ari dira. Italiera eta polonierazko itzulpen batzuk ere eginda daude, baina argitaratu gabe oraindik...

Narratiba arloko Espainiako Sari Nazionalak itzultzaile lana utzi eta idazle profesional izateko aukera eman zizun. Idazteko denbora gehiago emango dizu horrek, baina idazle batzuek esaten dute zama ere badela profesionaltasuna.

Alderdi onak eta txarrak ditu, baina luxua da goizean altxatu eta idaztera dedikatzeko aukera izatea, ordurik onenak idazteari emateko. Lanerako nire ordurik onenak goiz-goizekoak dira. Orduan izaten dut burua garbien. Itzultzaile lanetan aritzen nintzenean, lanetik etxera itzultzen nintzenerako burua guztiz nahastuta izaten nuen eta zaila izaten zen burua idazteko garbi izatea. Gainera, egun txarra daukadanean, ordu eta erdiz edo bi orduz saiatu, eta gero beste zerbaitean hasten naiz. Hau da, ordurik onenak liburuak idazteari ematen dizkiot beti.

Alderdi onak baino ez ditu, beraz, profesionalizazioak?

Gauza txarretako bat bakardadea da. Lankideak ondoan izateak lasaitasuna ematen dizu unerik zailenetan. Bakarrik zaudenean, buruari bueltak ematen dizkiozu, eta gehiago eskatzen diozu zeure buruari. baina azken batean exigentziarako ona da hori.

Nolakoa izango da zure hurrengo nobela?

Horrekin apur bat zoratuta nabil. Oso gustura. Nobela bat sortzen hasten denean, ideia piloa batzen da buruan. Oso diferentea izango da. Lagun koadrila bat bilduko da teilatu batean, haietako baten arrebaren zain. Arrebak herritik alde egin zuen aspaldi, eta ez dakite zergatik alde egin zuen, ezta nolakoa zen ere. Teilatu gainean zain dauden bitartean arrebaren irudia hedatuko dute haren nebak eta lagunek...

Idazten hasita zaude?

Udaberrian hasiko naiz idazten, edo beharbada udazkenean. Idazten hasi aurretik, buruan dena perfektu eduki nahi izaten dut. Istorio asko izango dira, eta denak buruan ondo izan nahi ditut idazten hasterako.

Beti izan duzu dena horren argi izan beharra idazten hasi aurretik?

Bai. SPrako tranbia-ren kasuan, bost urte eman nituen pentsatzen, idazten hasi baino lehen. Jakina, orduan ez nuen hain argi pentsatzen. Ideia batzuk nituen, eta beharbada nobela bat idatziko nuela pentsatzen nuen; orain, aldiz, badakit nobela bat idatziko dudala.

 

Bilaketa